martes, 29 de octubre de 2013

LOGELA

3.Proiektuak logela bat diseinatzean datza, 20m2-tan komuna eta guzti sartuz. Baina ez da edonolako logela izan behar, espazioen arteko loturak, argitasuna, iluntasuna edo kolorea bezalako ezaugarriez baliatuz diseinatu behar dugu. Aste osoan zehar ibili gara lan-maketa egiten, gelako elementuak lekuz aldatuz konbinazio ezberdinak bilatuz. Bihar klasera eramango ditugu gure lan-maketak eta iritzi ezberdinak egongo dira hauen inguruan seguraski. Zuzenketaren ostean aldaketaren bat egingo dudala ziur nago, baina momentuz, hau da nire logelaren proposamena:



lunes, 21 de octubre de 2013

NIRE GELA

Norberaren gelak nortasuna islatzen duela esaten dute, eta horrekin guztiz ados nago.Urteak pasa ahala gure gela mundu partikular batean bihurtzen joaten gara nahi gabe. Beharbada ez dugu dekoratzaile jakitun baten laguntzaz egiten, baina liburuak, almohadak edo aulkiak jartzeko modua guk geuk aukeratzen dugu, eta beste inork ez ditu guk bezala jarriko.

Nire gela definitzeko bi hitz erabiliko nituzke: argia eta musika. Bertara iristen naizen bakoitzean etxe guztiaz desberdintzen duen giro batean murgiltzen naiz, eta gustora egotea sentiarazten dit. Berde kolorea nik aukeratu nuen logela egin genuenean. Lehenago ikasteko tokia besterik ez zen, eta beraz, logela zerotik hasi behar izan genuen. Kolore hau beti gustatu zait, lasaitasuna transmititzen didalako  eta argitasunarekin oso ondo doalako.

 Esan bezala, nire gela deskribatzeko hitzetako bat argia da. Hegoalderantz orientatuta dago eta leihoak beharrean, balkoi batera ematen duten ateak daude. Ate hauen beira handietatik argi izugarri polita sartzen da egun osoan zehar. Udan eguerdian sartzen den argia gustatzen zait gehien bat. Lurrean eserita geratzen naiz askotan eguzkiaren berotasuna aprobetxatuz, eta denbora azkarrago pasatzen zait horrela. Ate batean "atrapasueños" bat daukat, amets gaiztoak sartzen uzten ez dituena. Bestalde, argi mota ezberdinak daude gelan zehar eta bakoitzak giro ezberdina sortzen du. Pladurrezko horman dagoen arku barnean argitxo bat dago eta inguruan berde koloreko argi bola batzuk. Hauek pizten ditudanean giro beroagoa eta lasaiagoa sortzen da, erlaxatzeko aproposa.

Aukeratu dudan bigarren hitza musika da. Nire gelan nagoenean musika entzuten da ia denbora guztian. Hormak apaintzeko musikaren inguruko argazkiak jartzen joan naiz denboran zehar. Batez ere The Beatles eta John Lennon-en argazkiak dauzkat, baina baita beste talde askorenak ere. Batzuentzako argazkiak besterik ez dira izango, baina nire kasuan atmosfera berezi bat sortzen dute. Gainera, nire gitarretako bat bere oinean jarrita dago, besteen fundek ate ondoko txoko guztia hartzen duten bitartean.

Azkenik, duela urte batzuk ate ondoan "smile" hitza jarri nuen kartoizko letra batzuekin eta azpian nik egindako koloretako mandala bat. Gelatik irteten naizen bakoitzean nahita edo nahi gabe hitz hori irakurtzen dut, eta beharbada jarri nuen momentuan lortu nahi nuen helburua lortu dut, irrifar egitea ezinbestekoa iruditzen zaidalako.

Etxeko gelarik txikiena nirea da, baina ez nuke beste ezerrengatik aldatuko.


martes, 15 de octubre de 2013

Txabola: proiektua amaituta

Aurreko astean gure txabolaren maketa klasera eraman genuen planoak egiten hasteko prest. Baina pausu hori eman baino lehen gure estrukturari buruzko iritzia eman ziguten irakasleek. Nik, lurzorua hobeto jartzeko, loturak aldatu behar nituela erabaki nuen, eta teilatuko loturak aldatuko nituela baita ere. Horretarako maketan bertan erraz egin nituen aldaketak, eta berehala planoak egiten hasi nintzen. Planoetan altxaerak eta ebaketak egiteaz gain, loturak ondo azalduta adierazi ditut, axonometria batean oinarrituz "zoom" efektua eginez.

Hona hemen bigarren proiektu honen prozesu osoaren argazkiak, plano eta guzti:










martes, 8 de octubre de 2013

Etxetxoa

Bigarren proiektu honetan egurrezko habeen arteko loturak landu behar izan ditugu. Bata bestearen gainean jarriz lotu behar direla ikasi dugu. Errealitatean iltzeekin lotu beharko genituzken arren, maketa egiteko materiala bigunegia denez, kola erabili dut.

Hasieran maketari gogortasuna emateko makilatxo gehiegi jarri nituen eta soberan zeudela konturatu nintzen. Era errazago bat bazegoela ikusi nuen eta oraingo maketan lotura egokiak egin ditudala uste dut.

Bihar maketak klasera eramango ditugu eta ziurrenik hobetzeko gauzak baditudala konturatuko naiz. Beraz, proiektu osoa amaituta igotzen dudanean aldaketaren bat egongo da.

Hemen nire maketaren argazkiak: