martes, 28 de enero de 2014

IZOZTEGIA ONDARRETAN

Bigarren lauhilabeteko lehen proiektuan murgildu gara jada, eta izenburuak dioen bezala, izoztegi bat egin behar dugu ondarreta hondartzan. Proiektu honen helburua hondartza eta hiriaren arteko mugan eraikina proiektatzea da, biek dituzten ezaugarriak kontuan hartuz eta aldi berean konexioa sortuz. Eraikina Donostiako kostalde osoko beste hainbat monumentu eta eraikin garrantzitsueran artean egongo da, eta horregatik, balio monumentala izatea eskatu digute. Izan ere, Txillida, Oteiza, Moneo eta Peña Gantxegiren lanekin batera hiriaren ingurua osatuko du. 

Proiektua aurkeztu ziguten egun berean hondartzara joan ginen. Eguraldiak ez zuen asko lagundu eta ez ginen apunteak egiteko gai izan. Baina ingurunea aztertzen egon ginen eta argazki panoramiko batzuk atera nituen kokagunea eta bere bistak ondo ezagutzeko.






Bigarren pausua ideia batean oinarritzea izan zen. Horretarako hondartzaren argazki asko ikusten egon nintzen, udakoak, negukoak... Buruari buelta asko eman ondoren, NORAI batean inspirazioa aurkitu nuen. Kostaldeko herrietan bizi garenok ondo ezagutzen ditugu elementu hauek. Itsasontziak moilan lotzeko erabiltzen dira, eta bilatzen gauden kontzeptua oso ondo adierazten duela uste dut, hau da, itsasoaren eta lurraren arteko lotura, bien arteko mugan kokatuta. 


Gainera materiala egokia iruditu zait nire eraikinerako, haizearen orrazian erabilitako berdina, burnia, erabiliko dut, nolabaiteko lotura izan dezan eskulturekin.


Behin ideia izanda irudi azkarrak egiten hasi nintzen. Pasealekutik irtenda egongo da eraikina, harearen gainean piloteez eutsita. Teilatu zapala burnizko barrez osatuta egongo da eta pasealekuan eutsiko da zutabeen bitartez. Eraikinaren lurrak ez du harea ikutuko, baina eskaileren bidez konektatuta egongo da hondartzako jendea bertara igo ahal izateko. Hormak beirazkoak izango dira bisualki espazio irekia lortzeko, eta erdigunean barra eta komuna egongo dira. Modu honetan bertan dauden bezeroek bista osoaz gozatu ahal izango dute, bai udan eta baita neguan ere. 
Hiriko beste puntuetatik ikusita kamuflatuta egongo dela uste dut, burniaren kolore iluna dela eta, baina aldi berean Donostiko elementu berri bat moduan ikusi ahal izango da, bisualki kutsatu gabe.





Ideia hau oraindik erdi garatuta dago, eta espazioan ikusteko lan maketa bat egin dut. Baina diodan bezala, aldaketak egongo dira ziurrenik. 





Bihar zuzenketa izango dugu eta hobekuntzak egin ostean plano eta maketa definitiboekin hasiko gara, datorren astean blogera igotzea espero dut.


miércoles, 15 de enero de 2014

Bideo interesgarri bat

Azken proiektua entregatu genuenetik bloga geldirik egon da. Azterketa garaian gaude baina laster lanera bueltatuko gara.

 Bideo bat igoko dut gaurkoan, oso interesgarria iruditu zait. Izan ere, ezagutzen dugun arkitektura baino urrunago doa bertan ikusten den ikerketa lana. Geometriarekin jolastuz eta materialen portaerak ezagutuz izugarrizko bitxikeriak egiten dituzte arkitekto talde honetako partaideek. Espero dut niri bezain beste gustatzea.