miércoles, 16 de abril de 2014

ETXEBIZITZEN AZTERKETA

Gure proiektuarekin hasteko, irakasleek, beste arkitekto batzuen proiektuak aztertzea gomendatu digute. Horretarako eredu izango diren hainbat arkitektoren izenak eman zizkiguten eta haietatik bi arkitektoren bi etxebizitza aztertu ditugu. Etxebizitza hauetatik gustoko ditugun ideiak eta estrategiak hartuko ditugu gure proiektuan laguntzeko. Nik, Louis Kahn-en ESHERICK etxea eta Frank Lloyd Wright-en JACOBS etxea hautatu ditut. 

Lehena, Philadelphian kokatuta dago eta 1961ean eraiki zen. Oso etxe ezaguna da bere diseinu bereziagatik, batez ere, beirate sistema propio baten bidez bentilazio eta argiztapen naturala lortzen delako.

Etxea oso simetrikoa da programa aldetik, eta altuerekin jokatuz argi geratzen da barne banaketa. Bi zatitan banaturik, alde batean logela, sukaldea eta gune hezeak daude bi solairutan banatuta. Beste aldean ordea, egongela dago, altuera bikoitza duena. 









Eguzkiaren sarrera ere aztertu dut eta plantan leiho gutxi daudela ematen duen arren, bertikalki altuera handia hartzen dute eta honek argiztapen naturala ahalbidetzen du.



Eraikinaren kanpoko itxurak zulatutako kutxa bat gogorarazten dit. Beirateak guztiz berdiak ez izan arren, simetria badagoela trasmititzen du eraikinak eta nola edo hala barneko banaketa ikus daiteke.



Louis Kahn


Bigarrena, Wisconsinen dago eta 1936an eraiki zen. Wright-en usonian tipologiako etxea da, krisi garaian sortutako etxe ekonomikoa alegia. Arkitekto honen ezaugarri nagusia betetzen dela ikus daiteke, hau da, erdigunean sua kokatzen du eta inguruan etxearen beste elementu guztiak. Jacobs etxeak bi adar ditu solairu bakarrean. Adar batean gune hezeak eta egongela daude, eta bestean logelak eta estudioa. Horrela, adar lasaia eta adar biziagoa banatzen ditu. Gainera, uneen arteko banaketa ez da zurruna, jarraia baizik (Wright-en beste ezaugarri bat).



Argiaren sarrera aztertu dudanean gauza batek atentzioa deitu dit. Etxe honek alde bat guztiz irekia du lorategira, kanpo eta barne harremana lotuz, eta beste aldea guztiz itxua. Gainera eraikinak lorategia besarkatzen duela dirudi eta horrek naturarekiko harreman oso estua adierazten du. Arkitekto berak bezero berdinari egindako beste eraikin bat aztertu dut gainera, eta efektu berdina lortu duela ikusi dut. 

Jacobs etxea, oina.

Jacobs 2 etxea, oina.


Jacobs etxea.

Jacobs 2 etxea.

Frank Lloyd Wright


AZKEN PROIEKTUA: ETXEBIZITZA +ESTUDIOA ONDARRETAN

Kurtsoko azken proiektuan murgildu gara jada. Azken ariketa honek orain arte ikasi ditugun aspektu guztiak biltzen ditu, eta beraz, kontuan hartu beharko ditugu jasotako aholku guztiak. Lehengo egunean proiektua aurkeztu ondoren orubea ezagutzera joan ginen Ondarretako pasealekura. Bertan argazkiak atera nituen eta apunte lagungarriak hartu nituen proiektatzen hasteko. Hurrengo argazki hauek lekua ondo erakusten dutela uste dut.

Partzelaren inguruko etxeak. 



Partzela.


Partzela aurreko ikuspegia.





Orubea.




Azken argazkietan ikus daitekeen moduan, partzela honetan eraikin bat egon zen, beranduago eraitsi zutena. Carvajal arkitektoaren eraikina zen eta gure proiektua bezala, etxebizitza unifamiliar bat. Interesgarria iruditu zait eraikin honi buruz zerbait jakitea, izan ere, arkitektoak izan zituen sentsazioak guk izandakoen antzekoak izan ziren seguraski, nahiz eta garai ezberdinetan izan. Kokapen berezi honek ematen dituen posibilitateak oso handiak dira eta inguruneari eta eskaerari erantzutea ez da erraza izango.

Javier Carvajal

Sobrino etxea, 1971